XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orain konturatzen naiz ez dudala kopeteko orbainean erreparatu.

Neronek josi nion orbainean, alegia.

Anaiei galdetzeko asmoak berriz, kilkerraren soinu errepikatua puskatzeko beldurretan ito zaizkit.

Mandioko goldearekin egindako zauri hura, neronek jostorratza eta hari beltza hartuz, bere karraxi eta aiesken artean josi nioneko hartan, ez dut arretarik jarri.

Baina begietan bai. Erreparatu dut.

Urdinak garai batean eta nabarrak gauaren eraginez baina zabal-zabalik hala ere, akusatzen ariko balitzait bezala.

Garai bateko launik haundiñak galdu nau adierazi nahiko balu.

Bai. Ni izan nauk.

Eta? Gauzak jarri diren moduan ez nuen atarramendurik.

Konejuak ere, bere kumeak ikutzen bazaizkio, ez al dizkik bada akabatzen? Edota txoriak.

Zer egiten du txoriak kabia lapurtzen zaionean? Ez al dik lapurra airetik jarraitzen txio-txioka noranahi doala ere? Buelta itzazu kumeak kabian sartuta hartutako leku berera.

Ez dute aurrerantzean enbarazo haundirik egingo munduan...

Bazekien bada hori ondo asko nik esan gabe.

Anjelexengana inguratuz hasi zenean, bazekien ondo bietako norbaitek bukatuko zuela begiak zabalik eta Uhetako leizezuloan behera amildua.

Eta nik sega zorrotzagoa izan, nonbait...

Gauza serioak zirela haiek txantxetan ibiltzeko, ez al nion bada bota, sarri baino sarriagotan! Alderdi horretatik badakit ondo ez dudala galbiderik.

Abixatu, abixatu nion.

Gizon portatu nintzaion, gizon portatu nintzaionez.

Eta harek, Hoi Anjelexek esan bihar dik bota zidan egun berean garbitu behar izan nuen nik.

Hartara bizia, bat behinik, errespetatuko zen.

Baina ez, orduan ere, nere egonarri guztiarekin bota nion Anjelexek ez zuela ahoa ireki beharrik, ekintzetan nabarmena zela eta kitto orduan...